email

         

123 Street Avenue, City Town, 99999

(123) 555-6789

email@address.com

 

You can set your address, phone number, email and site description in the settings tab.
Link to read me page with more information.

BERRIAK

HITZALDIA MARIAMA NIANG SYLLA-REN ESKUTIK: ATZERRITARTASUN ZUZENBIDEAN ESPEZIALIZATUTAKO ABOKATUA

EREI

Mariama Niang Sylla-k migrazioa eta atzerritarren ezohiko erregularizazioaren inguruan hitz egingo du Tolosan martxoaren 28an. Orain dela gutxi Espainiako Gobernuak iragarritako migratzaileen erregularizazio prozesuaren nondik norakoak azalduko dira besteak beste.

Mariama Zuzenbidean lizentziatua da Cantabriako Unibertsitatean eta Espainian jaio zen bertara migratutako familia batean. Atzerritartasun zuzenbidean espezializatutako abokatu bezala dihardu eta Barakaldoko Terranga senegaldarren elkarteko abokatua da. Gainera, besteak beste, Tolosako Booloo Senegal Gipuzkoa elkartearekin ere egiten du lan.

Hitzaldia Tolosako Kultur Etxean izango da, martxoaren 28an, larunbata, arratsaldeko 17:00etan.

Hitzaldi hau EREI Elkartasunerako Elkarteak antolatu du, Booloo Senegal Gipuzkoarekin elkarlanean eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzaren bitartez.

HITZALDI-TAILERRA: TURISTAK, HIRIAK ETA MIGRATZAILEAK. ALEJANDRA BUITRAGOREN ESKUTIK

EREI

Turismoari eta migrazioari buruzko hitzaldi-tailerra Alejandra Buitragoren eskutik, Oñatin eta inguruetan bizi diren pertsona guztientzat.

Topaketa honen helburua turisten eta tokiko biztanleen artean dagoen harreman desorekatuari buruz hausnartzea da, baita turismoak herritarrak espazio publikotik kanpo nola uzten dituen ikustea ere. Eta, era berean, migrazioari eta hirietako mugikortasunari buruz hausnartzeko gune bat irekitzea.

Gaur egun pertsona gehienek (Oñatiko biztanleek barne) munduko beste leku batzuetara bidaiatzen dutela kontuan hartuta, garrantzitsua da beste leku batera bidaiatzen dugunean ditugun sinesmen, ezagutza eta portaerei buruz hausnartzeko gune bat sortzea, bereziki leku horrek historia desberdina duenean eta bere bizi-baldintzak anitzak direnean.

Turismoa eta Cartagenaren kasua, Kolonbiako helmuga turistiko nagusia, desberdintasuna nola interpretatzen dugun eta gure kulturatik bertatik berria egiten zaiguna nola epaitzen dugun azaltzeko aitzakia dira. Era berean, hitzaldi hau ditugun pribilegioei buruz hausnartzeko eta eguneroko bizitzan diskriminaziorik ezaren printzipioa aplikatzeko gonbidapena da.

Alejandra Buitrago Kolonbiako antropologoa da, eta komunitateek beren lurraldea nola deskribatzen, pentsatzen eta irudikatzen duten jakin nahi du.

Hitzaldia martxoaren 23an, astelehena, 18:00etan, Eltzian (Oñati), Lagun Lekuren gunean izango da.

Hitzaldi hau EREI Elkartasunerako Elkarteak antolatu du, Lagun Lekurekin elkarlanean eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzarekin.

EREI OÑATI IRRATIAN

EREI

Aste honetan EREI Elkarteko kide bat Oñati Irratian izan da. Otsailaren 23an Eltzian aurrera eramandako kartografia soziala tailerra abiapuntu hartuta, esku artean ditugun proiektuen inguruan ere hitz egin dugu. Besteak beste, tailer hau 2025eko deialdiko garapenerako dirulaguntzen baitan onartutako proiektu baten barnean kokatzen da eta proiektuaren helburua kulturarteko bizikidetza antiarrazista eta feminista baterako aurrerapausuak egitean datza.

Horrela, hilean behin Oñati eta inguruko herritarrak elkartzeko topaguneak sortuko dira, jatorri ezberdinetako pertsonen parte-hartzearen bitartez, herrialde ezberdinetako ezagutza edota ekimen ezberdinak gerturatzeko helburuarekin. Hurrengo topaketa martxoaren 23an izango da.

KARTOGRAFIA SOZIALA TAILERRA ALEJANDRA BUITRAGOREN ESKUTIK

EREI

Kartografia sozialeko tailerra, Alejandra Buitragoren eskutik, Oñatin eta inguruetan bizi diren pertsona guztiei zabalik.

Mapak espazioaren irudikapen neutralak ez direla eta interes partikularrei erantzuten dietela kontutan hartuta, tailer honen helburua ofizialak ez diren beste mapa-forma batzuk ezagutu eta mapek gure etxeei eta komunitateei buruz, gure oroitzapenei buruz, espazio publikoari buruz eta gure proiektuei buruz hitz egin dezaketela erakustea da. Gainera, gure jatorriek, bizitza-esperientziek eta kulturek espazioa hautemateko eta irudikatzeko moduari nola eragiten dieten hausnartzeko espazioa egongo da. Oñatin bizi diren pertsonek beraien ibai, bide eta zaporeetatik partekatzeko, hausnartzeko eta amets egiteko gonbidapena da hau.

Alejandra Buitrago Kolonbiako antropologoa da, eta komunitateek beren lurraldea nola deskribatzen, pentsatzen eta irudikatzen duten jakin nahi du. Gainera, Alejandra geografia, kartografia eta mendi, herri eta istorioen zalea da.

Tailerra otsailaren 23an, astelehena, 18:00etan, Eltzian (Oñati), Lagun Lekuren gunean izango da.

Tailer hau EREI Elkartasunerako Elkarteak antolatu du, Lagun Lekurekin elkarlanean eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzarekin.

MARIAMA NIANG SYLLA-REN HITZALDIA GOIENAN

EREI

Azaroaren 14an EREI Elkarteak antolatuta Oñatiko Kultur Etxean Mariama Niang Sylla atzerritartasun zuzenbidean espezializatutako abokatuaren eskutik aurrera eramandako hitzaldiaren inguruko albiste bat egin du GOIENA komunikazio taldeak.

Bertan EREI Elkarteko kide batek eta Mariamaren ahotsak ere biltzen dira.

HITZALDIA MARIAMA NIANG SYLLA-REN ESKUTIK: ATZERRITARTASUN ZUZENBIDEAN ESPEZIALIZATUTAKO ABOKATUA

EREI

Mariama Niang Sylla-k migrazioa eta atzerritartasun lege berriaren inguruan hitz egingo du Oñatin azaroren 14an.

Mariama Zuzenbidean lizentziatua da Cantabriako Unibertsitatean eta Espainian jaio zen bertara migratutako familia batean. Atzerritartasun zuzenbidean espezializatutako abokatu bezala dihardu eta Barakaldoko Terranga senegaldarren elkarteko abokatua da. Gainera, besteak beste, Tolosako Booloo Senegal Gipuzkoa elkartearekin ere egiten du lan.

Hitzaldia Oñatiko Kultur Etxean izango da, azaroaren 14an, ostirala, arratsaldeko 18:00retan.

Hitzaldi hau EREI Elkartasunerako Elkarteak antolatu du, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Oñatiko udalaren dirulaguntzen bitartez.

SOL BAND GAZA-REN HITZALDI MUSIKATUA GOIENAN

EREI

Aste honetan EREI Elkarteak antolatuta Oñatiko Kultur Etxean Gazako SOL BAND taldearen eskutik aurrera eramandako hitzaldi musikatuaren inguruko albiste bat egin du GOIENA komunikazio taldeak.

Bertan EREI Elkarteko kide batek eta SOL BAND musika taldeko bi kideren ahotsak ere biltzen dira.

GAZA-KO "SOL BAND" TALDEAREN HITZALDI MUSIKATUA

EREI

Gazako “SOL BAND” taldearekin Palestinako egungo egoera eta sustrai kultural eta musikalak lehenengo pertsonan ezagutzeko hitzaldi musikatua.

Urriak 1, arratsaldeko 19:00etan, Oñatiko Kultur Etxean.

SOL BAND 2012an sortu zen eta Gazako folk musika maite duten gazte talde batek osatzen du. SOL BAND musika-tresna tradizionalen eta modernoen konbinazioagatik eta hainbat generoren fusioagatik nabarmentzen da, bai eta musikaren bidez transmititzen duten alaitasunagatik eta energiagatik ere.

SOL BAND-ek bere musika propioa ekoizten du eta Palestinako telebista nazionalerako 30 ataletan parte hartu dute kantu tradizional eta folkloriko propioen “remake”-ekin (egokitzapena eta bertsio berriekin). Gainera, jaialdi, kontzertu, proiektu eta kultur ekitaldi askotan parte hartu du.

EREI elkarteak antolatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Oñatiko Udalaren dirulaguntzen babesarekin.

MUNDUKO ZAPOREAK

EREI

Eskerrik asko bihotz-bihotzez Munduko Zaporeak kulturen arteko jaialdian parte hartu duzuen guztioi!

Egun zoragarria eta hunkigarria izan zen. Oñatiko plaza bizitzaz bete zen. Bakoitzak eskuzabaltasunez, errespetuz eta ilusioz bere kultura partekatu zuen.

"Oñatik distira egin zuen gure kulturekin, ahotsekin eta partekatzeko gogoarekin. Elkarbizitzaren eta komunitatearen benetako adibidea izan zen."

Eskerrik asko plazara gerturatu zineten guztioi ere!

Eta eskerrak Oñatiko Udalari, ekimen hau aurrera eramateko emandako laguntzagatik.

MUNDUKO ZAPOREAK - OÑATI IRRATIAN

EREI

Aste honetan EREI Elkarteko 3 kide Oñati Irratian egon gara datorren larunbatean Oñatiko plazan ospatuko den MUNDUKO ZAPOREAK kulturen arteko jaialdiaren inguruan hitz egiten.

Jaialdiaren nondik norakoez gain, ekimen honen ideia, antolakuntza eta prozesuaren inguruan ere aritu gara, eta bide batez, Oñatiko Udalaren babesa eskertu eta Oñatiko herritar guztiei larunbatean plazara gerturatu eta elkarrekin ospatzeko deialdia luzatu nahi izan diegu.

ZAINTZAILEAK - Nola erantzun zaintza beharrei?

EREI

Zaintza eta zaintzaileak izan ziren atzoko mahai-inguruaren gai nagusiak eta zaintzaileen ahotsa lehenengo pertsonan entzuteko aukera izan genuen.

EREI Elkartetik garrantzitsua da aipatzea etxeko langileen %95 emakumeak direla eta hauen artean %45 emakume migratuak, administrazio-egoera irregularrean dauden emakumeak kontuan hartu gabe.

Atzoko mahai-inguruan gaur egun gizarte mailan ditugun zaintza beharrei nola erantzun edota zaintzailearen lan baldintza eta eskubideen inguruan aritu ziren besteak beste, zaintza-lanarekin lotura zuzena duten lau emakume: Paloma (Gu Haziak Gara), Karla (zaintzailea), Cipriana (zaintzailea) eta Susana (Elkarzabal).

Esku-hartze interesgarri, beharrezko eta garrantzitsuak egin zituen hizlari bakoitzak eta publikoarekin solasaldi polita egon zen.

Eskerrik asko parte-hartzaile guztiei eta bertaratu zineten guztioi.

Ekintza hau Gu Haziak Gara Guhaziakgara Elkartea elkarlanean eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin eraman zen aurrera.

ERREALITATE MIGRATZAILEAK EZAGUTZEN PODCAST-A

EREI

Oñatin eta inguruan bizi diren eta errealitate migratzaileak bizi izan dituzten pertsonen ahotsak euskaraz (itzulita) eta gazteleraz (ahots originalak) lehenengo pertsonan jasotzen dituen podcast-aren atal berriak argitaratu ditugu.

Ep. 04 - Ousmane

Ep.05 - Oñatiko emakume sahararrak

Oñati Irratian grabatu (eskerrik asko Miren zure laguntzagatik) eta EREI Elkarteak ekoitzita, Oñatiko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzei esker.

"UN CUERPO SIN INSTRUCCIONES" POEMA-LIBURUAREN AURKEZPENA DONOSTIAN

EREI

Yesenhia Elyane Villanueva Carrizoren “Un cuerpo sin instrucciones” poema-liburuaren aurkezpena izango dugu azaroaren 21ean, ostegunean, arratsaldeko 20:00etan Donostiako Re-Read liburu dendan (Segundo Izpizua, 13).

Poema-liburuak hainbat gai jorratzen ditu: osasun mentala, migrazioa, depresioa eta antsietatea. Eta bakoitzak bere gorputzarekin duen sendatze eta ulertze prozesuaren inguruan ere hitz egiten du.

Yesenhia jatorri argentinarrak dituen gazte bat da eta txikitatik eduki izan du lotura estua musika, dantza eta interpretazioarekin. Baina inoiz ere ez idazketarekin, 13 urterekin gaztelaniako irakaslearen bitartez idazten hasi zen arte. 16 urterekin argitaratu zuen bere lehenengo liburua: “Un cuerpo sin instrucciones”.

Poema-liburuaren aurkezpena A Planeta-ren babesarekin eta Oñatiko udala eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzarekin eramango da aurrera.

TOP MANTA OÑATIN - HITZALDIA SANTA ANA ANTZOKIAN

EREI

Top Manta proiektuaren parte den Lamine Bathily Oñatin egongo da Bartzelonako mantero kolektiboaren borrokaren eta arrazakeria sozial eta estrukturalaren inguruko hitzaldi bat lehenengo pertsonan emateko.

Urriak 16, asteazkena, 19:00retan Santa Ana Antzokian.

Top Manta 2017an Sindicato de Vendedores Ambulantes de Barcelona sindikatutik sortutako arropa marka sozial eta solidario bat da. Mantero kolektiboaren bizi baldintzak hobetzeko helburuarekin sortutako marka bat da. Izan ere, urte askotan Bartzelonan lanean egondako saltzaile ibiltariak (vendedores ambulantes) jazarriak izan dira poliziarengatik, hainbat partidu politikoengatik eta moda enpresa handiengatik. Horri aurre egiteko sortu zen Top Manta, komunitate honen etorkizuna bermatzeko, hauei migratzea derrigortzearen ordez. Egun, Top Manta irizpide etiko eta jasangarriak dituen proiektu bat da eta besteak beste, 120 pertsonek beraien paperak eduki eta Manta uztea ahalbidetu du.

Hitzaldi hau Oñatiko udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzazioari esker eramango dugu aurrera.

"34 LEIHO AFGANIARRAK" KONTZERTU-EMANALDIA OÑATIN

EREI

Elena Yaqubee musikari eta aktibista afganiarraren eta Fabio Joel Tunno musikari, antzezle eta kultura ikerlari italiarraren “34 leiho afganiarrak” kontzertu-emanaldiaz gozatzeko aukera izango dugu Oñatiko Lazarraga lorategian.

Uztailak 3, arratsaldeko 19:00etan, Oñatiko Lazarraga lorategian

34 zenbakiak Afganistango 34 probintziei egiten die erreferentzia eta hauetako bakoitzean kultura, tradizio, musika eta historia desberdinak daude deskubritzeko. Entzule bakoitzari leihoak ireki eta ahaztuta dagoen lurralde honetako errealitatea deskubritzeko aukera ematea da helburua. Ondorengo gaien inguruan arituko dira: gerra, biolentzia, terrorismoa, emakumeen eskubideak, errefuxiatuen ihes egiteko prozesua, Europara bidaia, itxaropena, ametsak, etab.

Emanaldiaren helburua Afganistango errealitatea erakustea da eta biolentzia eta zapalkuntza kondenatzea. Proiektu honek Afganistanen gertatzen ari denaren errealitate gordina deskribatu nahi du eta era berean, itxaropenaren hazia hedatu nahi du. Badakigu arteak mundua astintzeko eta berreraikitzeko ahalmena duela.

Emankizunak arte desberdinak biltzen ditu: musika, poesia, jarduna, istorioak kontatzea, argazkigintza eta bideoak partekatzea. Arte hauek guztiak bakea, justikiza eta elkartasunaren bitarteko izango dira.

Emanaldi hau Oñatiko Udal Kultura sailaren “Kalean” egitarauaren baitan programatu da eta dohainik izango da.

EREI elkarteak antolatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Oñatiko Udalaren dirulaguntzen babesarekin.

AFGANISTANGO EMAKUMEEN ESKUBIDEAK: EMANALDIA ETA SOLASALDIA

EREI

Elena Yaqubee musikari eta aktibista afganiarrak eta Fabio Joel Tunno musikari eta antzezle italiarrak sortutako “Whirling” bideo musikalaren emanaldia eramango dugu aurrera Donostiako Gros auzoko ReRead liburu dendan.

Uztailak 4, osteguna, 20:00etan. Donostiako ReRead liburu dendan (Segundo Izpizua kalea, 13)

15 minutu irauten dituen bideo musikalak Afganistango emakumeen eskubideen inguruan dihardu eta bideoaren ondoren solasaldia sustatuko da bi artistekin, Afganistango egoeraren inguruan hitz egiteaz gain, emakumeen eskubideak jorratu eta migrazioaren eta emakume bezala erbestean bizitzearen inguruan solasteko.

Gainera, bi artistak beraien gitarrekin egongo dira eta zuzenean abesti batzuk entzuteko aukera ere izango dugu.

Emanaldi eta solasaldi hau A planeta-ren babesarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzaren bitartez eramango dugu aurrera.

EREI OÑATI IRRATIAN

EREI

EREI elkarteko Arantzazu eta Miren Zubeldia Plazaola Oñati Irratian egon dira. Hotz Oñati elkartearekin batera Oñatiko Kultur Etxean antolatutako Nadia Ghulam-en hitzaldia abiapuntu hartuta, esku artean dituzten proiektuen inguruan ere hitz egin dute. Besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiko dirulaguntzaren bitartez 2024. urtean kulturarteko bizikidetzari buruz aurrera eramaten ari diren ikerketa lanari buruz ere aritu dira.

NADIA GHULAM-EN HITZALDIA OÑATIN

EREI

Nadia Ghulam aktibista eta idazle afganiarraren eskutik Afganistango egoera eta hango emakumeen eskubideen inguruko hitzaldia Oñatin.

Nadia Ghulam Kabul-en (Afganistan) jaio zen 1985ean eta gerra zibilaren eta erregimen talibanaren ondorioak bizi izan zituen. 10 urtez bere burua mutiltzat aurkeztuz aurrera egin zuen, bere familia elikatzeko. GKE batekin egindako elkarlanari esker Kataluniara iritsi zen eta han bizi da duela urte batzuetatik.

Ekainak 4, arratsaldeko 19:00etan, Oñatiko Kultur Etxean

EREI Elkarteak (Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzaren babesarekin) eta Hotz Oñatik antolatuta.

“THE BOAT” ANTZEZLANAREN EMANALDIA ETA ONDOREN BERE ZUZENDARI ETA AKTORE BATEKIN SOLASALDIA

EREI

2021ean Greziako Lesbos uhartean sortu, antzeztu eta zabaltzeko asmoarekin grabatutako antzezlana da “The Boat”. Grezian dauden edota egon diren pertsona errefuxiatu eta migratzaileek osatzen duten “The Boat collective” izeneko taldeak sortu eta antzeztutako antzezlana, hain zuzen ere.

Antzezlanak pertsona errefuxiatuek Europara iristeko egin behar duten bidaiaren inguruan hitz egiten du, hitzik erabili gabe. Bere zuzendari eta aktore guztiak migrazio prozesuetan murgilduta daude eta horrek errealitate migratzaileen alor hau, bidaiarena, lehengo pertsonan kontatzea ahalbidetzen du.

Emanaldiaren ondoren, bere zuzendaria den Iman Alidoosti Shahraki iraniarra eta antzezlanean aktorea den Masume Husseini emakume afganiarra bertan egongo dira. Antzezlanaren nondik-norakoak azaltzeaz gain, publikoarekin errealitate migratzaileen eta Giza Eskubideen inguruko solasaldia sustatuko da.

Urriak 25, 19:00etan Oñatiko Kultur Etxean. (Adi! Zerbitzu publikoen greba dela eta, Oñatiko Eltzia eraikinean izango da! (3. solairuan)

Urriak 26, 18:30etan Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan.

EREI elkarteak antolatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Oñatiko Udalaren dirulaguntzen babesarekin.

ASILO PROZESUAREN ERRONKAK EUROPAKO HARRERA-HERRIALDE NAGUSIETAN: JATORRIA ETA ERANTZUNAK

EREI

EREI elkarteak Europako harrera-herrialde nagusietan, hots, Alemania eta Frantzian, ikerketa lan bat burutu du, lehenengo pertsonan eta genero ikuspuntu eta ikuspuntu global batetik. Horretarako, pertsona errefuxiatuak elkarrizketatu ditu Alemania eta Frantzian. Ikerketa lanak harrera-herrialdeetako egoera jorratzeaz gain, jatorrizko herrialdeetako errealitatea ere lantzen du, batez ere Afganistan eta Irangoa. Bestalde, migrazio testuinguruetan sortzen diren ekimenak ezagutarazten ditu.

Elkarrizketatutako bi pertsona errefuxiatu online konektatuko dira eta Europako errealitate migratzaileen inguruan eta beraien ekimen eta aktibismoen inguruan hitz egingo dute, gerturatutako guztiekin solasaldi bat sustatuz. Hauen hitzak euskara edota gaztelerara itzuliak izango dira.

Non: Okendo Kultur Etxeko areto nagusian.

Noiz: Ekainak 14, asteazkena, arratsaldeko 19.00etan.

EREI elkarteak antolatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzaren babesarekin.